Orioko Udalak jakinarazi du "eskola kirola eraldatzeko proposamenak" jarri dituela mahai gainean, eta gaia aztertzeko parte hartze prozesua abiatuko duela kirol arloko herriko eragileekin batera. Horretarako hiru bilera ireki antolatu ditu, eta aurreneko saioa asteazken honetan bertan izango da, 18:00etatik 20:00etara, Salatxo aretoan. Egungo egoera zein den eta ahulguneak eta indarguneak identifikatzea izango da aurreneko saioko egitekoa.
Bigarren bilera irekia maiatzaren 27an egingo dute, astelehenarekin, ordu eta toki berean. Saio horren helburua izango da etorkizuneko eskola kirol ereduari buruz gogoeta egitea.
Azkenik, ekainaren 10ean, astelehena, egingo dute hirugarren bilera, hori ere toki eta ordu berean, eta egin beharrekoak adosteaz hitz egingo dute saio horretan.
Bilera ireki horiek OinHerri Herri Hezitzaileak elkarteak koordinatuko dituela jakinarazi du udalak. "Asmoa da hemendik ikasturtea bukatu bitartean egitea hiru bilera horiek, gaia landu eta aurrerabide bat planteatzeko. Parte hartzera gonbidatuta daude eskola kirolaren inguruan mugitzen diren herriko eragile guztiak: kirol elkarteak, monitoreak, gurasoak…", gaineratu du.