Les Ballets de Monte-Carlo konpainiak Errauskine ikuskizuna taularatuko du maiatzaren 29an, asteazkena, 19:30ean Donostiako Kursaalen. Sergei Prokofieven musikan oinarrituta, Jean-Christophe Maillotek egindako moldaketa da Kursaalen erakutsiko duten obra.
Kursaal Eskura egitasmoaren barruan, Oriotik dantza emanaldi hori ikustera joan nahi dutenek doako autobus zerbitzua izango dute joan-etorrirako. Autobusa 18:40ean abiatuko da Donostiarantz herriko autobus geltokitik.
Kursaal Eskurak antolatutako garraio zerbitzu guztietan bezala, doako autobusa erabili nahi dutenek ikuskizunerako sarrera erosi behar dute lehenbizi kursaal.eus webgunean; 50 euro balio du sarrera garestienak, eta 11 merkeenak. 30 urte artekoek zein langabezian dauden herritarrek, ordea, ikuskizunerako sarrerak ere udaletxean erreserbatu behar dituzte, autobuseko joan-etorriarekin batera. 3 eurotan lor dezakete sarrera gazteek eta langabetuek; sarrera autobusarekin batera erreserbatu ondoren, kontzertuko egunean Kursaaleko leihatilan ordainduko dute horiek sarrera, adina (Ordu Gaztea) zein lan egoera (langabetua) egiaztatuta, beti ere.
Orio eta Donostia arteko joan-etorrirako autobusean izena emateko, berriz, Turismo Bulegora idatzi behar dute korreo elektronikoa orioturismo@gmail.com helbidera, edo telefonoz deitu, 943- 83 55 65 zenbakira.
Izena emateko epea maiatzaren 24an amaituko da, eta gutxienez 15 pertsonako talde bat ez bada osatzen, eskaintza bertan behera utziko dute antolatzaileek (erositako sarreren dirua bueltatuko da hori gertatuz gero). Autobusa Zumaiatik aterako da, eta Getariatik eta Zarauztik ere pasatuko da Oriora iritsi aurretik.