Bigarren egin du Oriok Gipuzkoako Trainerillen Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 13a, 13:00

Oriotarrak, larunbatean, etxean lehian. (Joxemari Olasagasti)

Orio Arraunketa Elkarteko gizonezko seniorrek Getarian jokatu zuten atzo estropada, eta Hondarribigandik bederatzi segundora helmugaratu ziren, bigarren. Ziaboga onena, hori bai, Iñigo Larrinagarena izan zen.

Asteburuan amaitu da trainerilla denboraldia arraun taldeentzat. Larunbatean Orion bertan jokatu zuten Gipuzkoako Trainerilla Ligako azken jardunaldia –Hernanik antolatuta, Orioren laguntzarekin– eta igandean, berriz, Getarian izan zen Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa.

Bietan aritu ziren Orio Arranketa Elkarteko gizonezko seniorrak, baina garaipenik ezin izan zuten eskuratu oraingoan. Orio B taldeak, hori bai, federazio kopako azken estropada irabazi zuen larunbatean etxean. Ligako azken estropadako irabazleak Donostiarra eta Hondarribia izan ziren emakumezko eta gizonezko seniorretan, eta kategoria bakoitzeko aurreneko laurak sailkatu ziren Getariako igandeko txapelketara, sailkapen estropada ere izan baitzen Oriokoa.

Igandean, beraz, Getarian lehiatu ziren oriotarrak Hondarribia, Getaria eta Donostiarrarekin batera gizonezko seniorren estropadan, eta bigarren sailkatu zen Orio, Hondarribiagandik bederatzi segundora 14:20:13 denbora eginda. Getaria izan zen hirugarren, irabazleengandik 11 segundora, eta Donostiarra laugarren, hamabost segundora.

Ziaboga onena, hori bai, Iñigo Larrinaga oriotarrak egin zuen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide