Garaipen berezi eskuratu dute gaur Orio Arraunketa Elkarteko gizonezko seniorrek Gipuzkoako Trainerilla Ligako bigarren jardunaldian, bandera egon baita jokoan Loiolatarra klubaren 100. urteurreuna dela eta. Urumean izan da norgehiagoka, eta Orio nagusitu da senior gizonezkoetan 13:15:07 denbora eginda. Donostiarra izan da bigarren, lau segundora, eta Getaria sailkatu da hirugarren, 11 segundora.
Hain zuzen, bihar Getarian jokatuko dute ligako hirugarren jardunaldia, eta datorren astean, berriz, Oriok hartuko du ligako laugarren eta azken estropada, larunbatean, hilak 11. Hurrengo egunean jokatuko dituzte txapelketako finalak, Getarian.
Orioko eta Getariako taldeez gain, Zumaia eta Zarautz ere lehiatu dira gaur Urumean gizonezko seniorretan. Bosgarren eta seigarren helmugaratu dira, hurrenez hurren.
Emakumezko seniorretan Zumaia da eskualdeko ordezkari bakarra, eta bigarren egin du B taldeak, eta bosgarren, berriz, A taldeak. Tolosaldeak eraman du garaipena, 23 segundoko alde nabarmenarekin.