Martxoaren hasieran ekin zioten baxurako arrantzaleek denboraldiari, eta ordutik antxoa harrapatzen ari dira Getariako eta Orioko arrantza ontziak. Edonola ere, Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidenteak azaldu duenez, lehen bi hilabete horietako antxoa "txikia" izan da, eta azken astean ari dira arrantzatzen "bolumen polita duten antxoak".
Dena den, Getariako Kofradiako presidentea, "alderatzeko datuen faltan", ez da ausartu oraindik aurtengo datuak iazkoekin erkatzen, eta gehitu du oraindik pixka bat falta dela antxoaren kanpaina amaitzeko: "Gutxi gorabehera ekainaren bigarren astean amaituko da antxoa denboraldia, eta orduan edukiko ditugu guk ere datuak osotasunean landu ahal izateko".