Orioko Udalak eman du jakitera dagoeneko igande honetarako antolatu duen artisau eta sortzaile azokaren eskaintza. Ate joka den edizioak, 29 postu hartuko ditu aurten; iaz baino dozena erdi gehiago. Hain zuzen, izena eman duten eta baldintzak betetzen dituzten sortzaileen artean zozketa egin behar izan du udalak aurten.
Deialdiak, arrakasta izan du beraz, eta aukera ugari egongo da postu guztietan. Eskuz egindako lanez gain, gastronomiak ere izango du tokia. Udalak azaldu duenez, gipuzkoarrak izango dira hemezortzi artisau, bizkaitarrak bi, nafarrak hiru eta arabarra bat. Jantziak eta osagarriak eta bitxigintza lantzen dituzte gehienek, baina egur-tailla, taloak, ogia eta gozoak, gazta eta eztia, loregintza, eta xaboi eta ukenduak ere izango dira salgai.
Oriotarren presentzia ez da faltako. Iaz azokan parte hartu zuten herriko artisau gehienak errepikatu egingo dute igandean. Tartean izango dira Koro Arratibel Etxegarai Quilling figuratxoekin, jantziak eta osagarriak lantzen dituzten Rosaura Bravo Manterola eta Jon Alkain Urdangarin, Zorione Mendez Martin askotariko artista eta egur-taillan aritzen den Antxon Mendizabal Sanz.
Goizez izango da azoka. 10:00etatik 14:00etara, herriko plazan eta Aritzaga kalean jarriko dira postuak. Horregatik, trafiko aldaketak izango dira. 14:00ak eta 15:00ak artean ibilgailuek Txankatik irten beharko dute Oriotik, irteerako noranzkoan itxita egongo delako plaza artisauen karga eta deskarga errazteko.
Erraldoiak
Artisau eta Sortzaile Azoka izango dela aitzaki hartuta, Pello eta Nikolasa erraldoiak kalera aterako dira, herria girotzera. Gainera, ez dira bakarrik arituko. Izan ere, gonbidatu bereziak edukiko dituzte. Lazkaoko Mari eta Basajaun erraldoiekin batera egingo dute kalejira, eta tartean izango dira baita ere buruhandiak. Guztiak elkarrekin 12:00etan abiatuko dira kultur etxetik, eta Eusko Gudari, Arrantzale, Abeslari, Herriko Plaza eta Aritzaga zeharkatuko dituzte.