Orioko Udala lantzen hasia da kultura arloko plan estrategikoa, eta horretarako, herritarren eta eragileen parte hartzea eskatzen duten lan saioak egiten ari da. Azkena, joan den larunbatean egin zuten Kosta Tailerrean, eta udala gustura da jasotako erantzunarekin; 46 herritar elkartu ziren bertan, "2028an Orioko kulturak izan behar duena zirriborratzen hasteko pixkanaka".
"Saioa oso emankorra" izan zela azaldu du udalak, eta eskerrak eman dizkie bertan parte hartu zuten guztiei. "Datozen hilabeteetako lan-lerro nagusiak marrazten hasteko baliagarria izan zen hitzordua, eta saioan nagusitu zen giro ona ere nabarmendu nahi du udalak".
Azken bilera baterako hitzordua ere adostu zuten larunbatean bildutakoek: ekainaren 8an izango da, larunbatarekin.