Herriko zaintza ekosistema eraldatzeko aurreneko urratsak ematen ari da Orioko Udala hainbat eragilerekin batera. Udalak duela bi aste iragarri zuen, apirilean eta maiatzean sei saio egingo dira zaintzaren alorrean lan egiten duten eta zaintza jasotzen duten herritarrekin. Eta orain zazpigarren bat gehitu dute zerrendara: gurasoei zuzendutako saio irekia.
Maiatzaren 16an izango da, 17:00-19:00 artean, Saregilen. Parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea galdetegi hau beteta. Saio honen asmoa da "zaintzaren inguruko diagnostikoan gurasotasunaz ere hausnartzea: arduren banaketa, kontziliazioa, gure seme-alabak nola zaintzea nahi dugun…", zehaztu du udalak. Gurasoek dituzten "kezkak jasotzeko eta aldaketarako espazioak eta beharrak identifikatzeko" ere balioko du saioak.