Gerturatzen ari dira uda oporrak herriko haur eta gaztetxoentzat, eta ohi bezala, udalak eta eragileek osatu dute udako jarduera eskaintza zabala. Zenbait berrikuntza izango ditu eskaintzak, gainera. Batetik, Txurrumuski aisialdi taldearen udaleku irekiak hilabete osokoak izango dira, eta ez hamabost egunekoak, orain arte egin izan diren bezala.
Bestetik, izen-emateak udalaren webgune bidez egingo dira, esteka honetan, eskuragarri dauden galdetegien bitartez, eta izena emateko epea ere aurreratu egin dute: apirilaren 22an zabaldu zuten, eta maiatzaren 13ra arte egongo da aukera.
Udako eskaintzan era guztietako kirolez gozatzeko aukera izango dute gaztetxoek, baina gutxieneko adinak kontuan hartu beharko dira: esaterako, 6-12 urte artekoentzat izango dira Uda Sasoian eta futbola; 9-12 urte artekoentzat sofbola eta arrauna; 10-16 urte artekoentzat surfa, eta 10-14 artekoentzat, saskibaloia. Eskubaloian bi talde egongon dira, bat LH3-LH4 mailetakoa, eta bestea LH5-LH6 mailetakoa.
Txikiagoentzat, berriz, Uda Txoko (HH2ko umeentzat), udaleku irekiak (HH3-LH6 artekoentzat) eta Gazte Abenturak (LH3-LH6 artekoentzat) antolatu dituzte, ohi bezala. Uda Txoko eta udaleku irekiak uztailean izango dira, eta Gazte Abenturak, berriz, abuztuaren 1etik 14ra.
Bakoitzaren informazio zehatza honako taulan dago: egutegia, ordutegia, adina, prezioa eta kontu korronte zenbakia. Ordutegietan arreta jarri behar da, batzuk arratsaldez baitira –futbola, esaterako–.
Eskaintza bateratua, "aukera guztien berri edukitzeko"
Udalak prentsa ohar bidez azaldu du helburua dela Orioko udako kirol eta aisialdi eskaintza zabala "modu bateratuan" aurkeztea, "oriotarrek aukera guztien berri izan dezaten, hobeto erabaki ahal izateko".
Guztira, herriko zortzi eragilek prestatu dute udako denboraldirako eskaintza: Txurrumuski aisialdi elkarteak; kiroldegiko kudeaketa daraman BPXport enpresak; Orio Bate Bizkorrak elkarteak; Orioko Futbol Taldeak; Orio Arraunketa Elkarteak; Orio Itxastresna Surf Klubak; Orio Eragin Eskubaloi Klubak; eta ZAST Zarautz Saskibaloi Taldeak.