Ziklo aldaketa etorriko da Orioko Futbol Taldera 2024-2025 denboraldian. Izan ere, gaur egungo zuzendaritzak erreleboa emango dio talde berri bati. Klubeko presidente Harkaitz Agirrek ohar bidez jakinarazi du dagoeneko badaudela "zuzendaritza berri batean sartzeko prest dauden bazkide batzuk", baina "ateak zabalik" daudela esan du "lantalde horretan aritzeko interesa dute guztientzat, bereziki emakumeentzat".
"Hainbat urtetako ibilbide oparo baten ondoren, gure elkartearen zuzendaritzan haize berriak sartzeko momentua iritsi dela uste dugu", azaldu dute oharrean. Ez alferrik, Agirrek berak hamarkada bat baino gehiago darama zeregin horretan, eta Maria Eugenia Atxegak, berriz, ia hiru hamarkada.
Egungo zuzendaritzako kideek gogorarazi dute Orioko Futbol Taldea oso errotuta dagoela herrian, eta 300 neska-mutil baino gehiago dabiltzala klubean: "Orion hain errotuta dagoen kirol elkarte honi segida on bat bermatze aldera, bazkide guztiak animatu nahi ditugu proiektu honetan parte hartzera, modu batean edo bestean, elkarteari hauspo berri bat emanez. Egun Orion futbolean aritzen diren 330 neska-mutilek merezi dute eta!".
Klubak hurrengo egunetan deialdia bidaliko die bazkide guztiei ezohiko batzar orokorrean parte har dezaten, eta han jarriko dute martxan zuzendaritza berriaren hautatze-prozesua.