Atzo arratsaldean abiatu zen Altxa Burua Oriok herriko gurasoentzat antolatutako formakuntza saioa sakelakoez, sare sozialez eta nerabeez, eta ezin interesgarriagoa izan zen. Telmo Lazkano aditu zumaiarrak eskaini zuen solasaldia Mugikorren auziaren formazio integrala izenburupean, eta horixe izan zen edukia: gaia bere testuinguruan kokatzea, "jakintzarik gabe askatasunik ez dagoelako", Lazkanok azpimarratu zuenez.
30etik gora gurasok adi-adi jarraitu zuten saioa Kultur Etxean, eta bigarren hitzorduan atzoko teoria praktikara nola eraman azalduko du Lazkanok berak.
Oraindik izena eman ez baina formazio saioetan parte hartzeko interesa duenak horretarako aukera duela jakinarazi dute antolatzaileek, ez baita derrigorrezkoa lau saioetan parte hartzea. Izena hemen eman daiteke, eta formakuntza saioei buruzko informazio gehiago, berriz, hemen lor daiteke. Hurrengo saioa bihar izango da, osteguna, 18:00etan Kultur Etxean.