Erruleta solidarioa egingo du Arkupek larunbat goizean plazan

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 15a, 08:00

Erruleta bat. (Orioko Udala)

Bihartik larunbatera herriko establezimenduetan kontsumitzen dutenei txartelak banatuko dizkie merkatari eta ostalari elkarteak, gero erruletan jokatu eta sariak eskuratzeko. Gainera, larunbatean bertan plazan Eltzeitsu Solidarioa jarriko dute, eta han parte hartuz ere eskuratu ahalko dira txartelak erruletarako.

Arkupe merkatari eta ostalari elkarteak "bere aletxoa" jarri nahi du larunbatean, 19. Nazioarteko Estropada jokatuko dela eta. Hala, erruleta solidarioa antolatuko du 12:00etatik 14:00etara, plazan. Erruleta jokoan parte hartzeko, herritarrek Arkupeko denda, zerbitzu-enpresa edo tabernetan kontsumitu beharko dute bihartik larunbatera arte, eta horrela, erruletan jokatzeko txartelak eskuratuko dituzte.

Aurreko urteetan bezala, Arkupek Eltzeitsu Solidarioa jarriko du, eta bildutako dirua herriko familia zaurgarrienentzako janari bilketa antolatzeko erabiliko da. Eltzeitsu Solidarioa larunbatean bertan jarriko du plazan, eta hor parte hartzen duten herritarrek ere erruletan jokatzeko txartela lortuko dute.

Erruletan sari ugari banatuko dituzte, elkarteko dendek jarritakoak, eta sari bakoitzaren balioa, gutxienez, 40 eurokoa izango da. Guztira, 1.000 eurotik gora banatuko ditu Arkupek saritan. Irabazleei bonu bat emango zaie eta hilabeteko epea izango dute hori trukatzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide