Ostiralean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren lehen egunean, Orion izan zen Nerea Kortajarena EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburua. "Herrian udala egiten ari den poilitika feministak" bertatik bertara ezagutu nahi izan zituen, eta Anuska Esnal alkatearekin bildu zen, baita Saregile Emakumeon Etxea eta Ahalduntze Eskola bisitatu ere.
"Orion, udalaren ekimenez, eta hainbat eragilerekin elkarlanean, osatu dute Erakundeen arteko arreta eta koordinaziorako tokiko protokoloa, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloan", esan du EH Bilduk ohar bidez. Esnalen hitzetan, "protokolo baten lanketa prozesuak eragina izan dezake herri bezala aktibatuta eta kohesionatuta egotea honelako egoera bati erantzuteko, bakoitzari dagokion eremutik", eta koalizioaren esanetan, horregatik egin dute "gobernantza kolaboratiboan".
Politikak egiteko modu hori nabarmendu du Kortajarenak ere: "Indarkeria matxistari aurre egiteko erantzun publikoan koordinatuta aritzea ezinbestekoa da: herriko mugimendu feminista, administrazio publikoaren batera. Eta horrela izan behar du eraso matxista bat gertatzen den aldiro. Badakigu denok hartu behar ditugula kaleak, ezin duela geratu erasorik erantzunik gabe, baina elkarlanean eta mugimendu feministaren lidergoarekin egin behar da".
Gipuzkoako zerrendaburuarentzat, Orioko Udalaren jarduna da bidea: "Ardurak hartu eta instituzio batek eskain ditzakeen tresnak sortu eta harago jo zuten: indarkeria matxistak pertsona konkretu batzuk kolpatzen baditu ere, noski, inpaktu handiena gertukoengan eta familiarengan izaten duelako, eragina herritar guztiengan dauka. Eta erreparazio prozesuetan sinesten baldin badugu, horiek indibiduoak eta kolektiboak hartu behar ditu aintzat. Eta erreparazio prozesu sakonak ere ahalbidetu behar dira, indarkeria egoera horretatik kolpatuenak ateratako pertsonentzako".