- Behe klasekoa (Olaia Inziarte)
"Kanta honen hitzekin oso identifikatua sentitzen naiz. "Erdara traketsean mintzatzearen" konpleju hori maiz sentiarazi didate. Ahalduntze mezu indartsua duela iruditzen zait. Olaia Inziarte eta Olatz Salvadorren kantaera oso berezia da, nortasun handiko bi ahots elkartu dira, eta kolaborazio honen emaitza bikaina iruditzen zait".
- Oreka ezina zen indibiduo baten azken pentsamenduak (Kerobia)
"Asko maite dut Kerobia taldea, bereziki euren kanten bidez unibertso desberdinak sortzeko duten gaitasunarengatik. Kantu honen lehen segundoak entzutea nahikoa da ondoren proposatzen duen bidaian murgiltzeko".
- Harribitxi (Albina Stardust)
"Euskal musikaren eszenan haize bolada fresko bat da Albina Stardust. Kantatzarra izateaz gain, orain arte ertzean zokoratua izan den jendea erdigunera ekartzeko aldarri bikaina iruditzen zait. Gora Brilli-brilliaren iraultza!".
- Donostiako hiru damatxo (Herrikoia)
"Musika Eskolako garaietara narama kantu honek. Bertan hasi nintzen txistua ikasten, eta azken urteetan txisturako Donostiako hiru damatxo kontzertua jendaurrean jo nuen. Egia esan, proposatzen dudan bideo hau entzutera ez naiz askotan jarri, baina txistuarekin asko entseatu eta jo izan dudan kantu bat da, bai taldean, zein bakarka. Horregatik, oso gertuko sentitzen dudan kantua da".
- Nafarroa-Nafarroa (Gozategi)
"Gozategiren Nafarroa-Nafarroa trikitixak txikitako garaietara narama. Umetan igandero-igandero baserrira joaten ginen, aiton-amonekin kalitatezko denbora pasatzera: belarretan lagunduz, abereei jaten emanez, babarrunak jalgitzen, txerria paseatzen, arto-zuritzen... Baserria Nafarroan dago, Azkarate izeneko herri txiki batean. Autoz ordubete inguruko bidea dago, eta bidaia girotzeko Egin irratiaz gain, gehien entzuten genituen kasetak Kaxianorenak, Benito Lertxundirenak eta Gozategirenak izan ohi ziren. Nafarroa-Nafarroa abestia ereserki moduko bat zen guretzat, berarekin autoan ozen hasten baikinen kantari".