Orioko Udala abenduan hasi zen Anibarko Portuko jolas parkea berritzen, eta asteazken honetan zabaldu du eraberritutako jolas gunea. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, parkea urtarrilaren hasierarako prest egotea zen hasierako asmoa, "baina lanak espero baino gehiago luzatu dira, nagusiki dreinatze-sarea jarri delako parkearen inguruan, inguruko ura bideratzeko".
Lurkoi enpresak egin ditu lanak, eta 60.200 euroko kostua izan dute, BEZa barne. Egurra, sokak eta naturako materialak erabiliz sortutako espazioak ditu, eta helburua da "jolas lasaia, taldelana eta irudimena sustatzea".
Udalak emandako datuen arabera 280 metro koadroko gunea da, "aurretik zegoena baino handiagoa", eta errepidera ematen duen aldea hesitu egin dute, "haur eta gazteen segurtasuna bermatzeko". Horrez gain, udalak azaldu du jolas parke berriak baliabideak eskaintzen dituela "desgaitasun fisikoak ez ezik, sentsorialak eta kognitiboak dituzten gaztetxoentzako", eta atsedenerako guneak ere badauzkala, bankuekin eta plataformekin.