Asteburuan amaitu da arraunergometroko denboraldia, Tarragonan (Herrialde Katalanak) jokatutako Espainiako XXII. Arraunergometroko Txapelketarekin. Han izan dira oriotarrak, eta emaitza bikainekin etxeratu dira Orio Arraunketa Elkarteko kideak: izan ere, urrezko domina bana lortu dute Joseba Saiesek –beteranoetan, 1.000 metroko proban– eta Imanol Garmendiak –pisu arinetan, 2.000 metroko proban–.
Bestalde, Alberto Rebollok zilarrezko bi domina lortu ditu aldi berean jokatu den VI. Open Espainia Indoor arraun proban –500 metro eta 2.000 metro sprint paralinpiko kategorietan–.
Aipagarria da Saiesek azken hilabeteetan egindako ibilbidea, lau garaipen lortu dituelako hainbat probatan: FER III. Indoor Txapelketa (2023); British Open (2023), Munduko Txapelketarako txartela eskuratuz; Gipuzkoako Txapelketa (2024); eta Espainiako Txapelketa (2024).
Munduko Txapelketa Pragan jokatu da aurten, eta seigarren eta zazpigarren postuak lortu ditu 2.000 metroko eta 500 metroko probetan, hurrenez hurren.