Orioko Ospele pilota elkarteko kide Aritz Lertxundi pilotariak Oiartzungo Txost pilota kluba ordezkatuz dihardu denboraldi honetan, eta pala motzean Euskal Herriko ligako finalerako sailkatzea lortu du Argote lagun duela. Finala gaur arratsaldean izango da Gasteizko Adurtzan pilotalekuan. 16:15ean hasiko da jaialdia eta 3. partidua izango da. Errenteriko EPLE klubeko Eyheramendy-Pichel bikotea izango dute aurkari.
Lertxundik eta Argotek datorren denboraldian ohorezko mailan aritzeko txartela lortua dute dagoeneko.