Dena prest biharko Gipuzkoa Dance Contest hip-hop lehiaketarako

Onintza Lete Arrieta 2024ko mar. 9a, 08:00

2022ko hip-hop lehiaketako partaide batzuk, dantzan Karela kiroldegian.

Beste behin, Karela kiroldegian ariko dira dantzan adin guztietako ehunka lagun. 10:30ean hasiko da ikuskizuna, eta goizez eta arratsaldez egingo dute. Warda Mallal antolatzaile oriotarrak eman dizkio txapelketaren xehetasunak hedabide honi.

Urteko dantza ikuskizun berezienetakoa jasoko du Karela kiroldegiak igande honetan: Gipuzkoa Dance Contest hip-hop lehiaketa. Warda Mallal dantzari eta koreografo oriotarra da antolatzailea, eta aurtengo lehiaketaz nahiz iazkoaren arrakastaz hitz egin dio hedabide honi. "Gero eta jaialdi gehiago ari dira sortzen han eta hemen, eta gero eta gehiago kostatzen da horrelako zerbait antolatzea", nabarmendu du.

Umorez eta indarrez hartzen du, ordea, "konpetentzia" handitu izana: "Hor jarraitzen dugu, martxan, eusten, gure lehiaketak arrakasta duelako; jendeari gustatu egiten zaio, eta askok esaten digute etxeko giroa nabaritzen dela eta beste lehiaketa batzuk baino goxoagoa dela, gertuagokoa". Mallalek espero du Gipuzkoa Dance Contest lehiaketak "urte askoan" segitzea "eta beti baldintzak hobetzen jarraitu ahal izatea".

Ariana Alberdi oriotarrak aurkeztuko du ekitaldia. 10:30ean hasiko da, eta dantzariak goizez eta arratsaldez igoko dira oholtzara. Partaideetako asko Euskal Herrikoak izango dira, gipuzkoarrak, bizkaitarrak nahiz nafarrak, baina Espainiatik ere bertaratuko dira, Errioxatik eta Asturiastik, esaterako. Eskualdekorik ere izango da lehiakideen artean, Zarauzko "talde txiki batek" izena eman baitu. Gainera, Mallalen alabak ere parte hartuko du, "urtero bezala". Hortaz, "Oriok ere edukiko du bere ordezkaria".

Iazkoa, "topea"

Kategoria eta modalitate askoko lehiaketa izaten da, banaka, binaka nahiz taldean parte hartzea dagoelako, eta, gainera, haurren eta helduen taldeak daudelako. Horregatik, sariak ere askotarikoak izaten dira. Guztira, ia 6.000 euroko balioa izango dute aurtengoek: diru sariez gain, dominak, diplomak eta otarreak ere banatuko dituzte, izan ere.

2012an antolatu zuen aurreneko lehiaketa Mallalek, eta azken urteetan Orion bertan egin du. Iazko edizioa, esaterako, "sekulakoa" izan zela oroitu du. "Inguruan ez zen beste dantza jaialdirik suertatu, eta inoizko dantzari gehien animatu ziren parte hartzera; topea jo genuen". Mila dantzaritik gora aritu ziren, izan ere, oholtza gainean, eta sarrera guztiak agortu ziren.

Mallalek jakinarazi du ikuskizunerako oraindik badaudela sarrerak salgai, eta horiek lortzeko Whatsapp mezua bidali behar dela 637 25 68 51 telefono zenbakira.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide