Otsailaren 3an Sahararen aldeko janari bilketa egin zuten Orion, eta martxoaren 9an abiatuko da Sahara aldera 39 tona elikagaiz betetako euskal karabana. Orion, esaterako, 1.200 kilo jaso ziren guztira, eta herritarrek erakutsitako elkartasunarekin "oso eskertuta daude" antolatzaileak; batez ere nabarmendu nahi izan dute "herriko bi ikastetxeek, Erein taldeak eta oriotar partikularrek emandako laguntza". Haien partez, "mila esker guztiei!".
Sahararen aldeko euskal karabana Saharako Lagunen Euskal Elkarteen Federazioak antolatzen du urtero, eta harrera ona izan ohi du. Hala, aurtengoan Gipuzkoan jasotako elikagaiekin betetako bi trailerrek eta Bizkaiko beste bik osatuko dute karabana, eta haiek agurtzeko ekitaldi txiki bat egingo da larunbatean 10:00etan Donostian, Zurriolan, hain zuzen ere.