Kale garbiketa zerbitzua indartu du Orioko Udalak urte hasieratik

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko mar. 5a, 10:27

Kale garbiketa zerbitzuko langileak. (Orioko Udala)

Kale garbiketarako erreminta berriak erosi dituzte langileen lana eraginkorragoa izan dadin, eta garbitzaile bat gehiago kontratatu da urte osorako. Uda-denboraldian, gainera, langile bat gehiago izango da, eta errefortzu aldia hiru hilabetetik seira pasatu da: Aste Santutik urrira bitartera.

Orioko Udalak herriko kale garbiketa zerbitzua lehiaketa publikora atera zuen pasa den udaberrian plegu berriekin, zerbitzua indartzeko asmoz. "Zortzi urtean izan den prezioen igoerari ez ezik, makinaria berria erosteko eta langileen baldintzak hobetzeko egindako inbertsioei erantzuten die igoerak", udalaren esanetan. Izan ere, kale garbiketa arloan beharrak zein ziren identifikatzeko zerbitzua ematen duen enpresaren arduradunekin eta langileekin bildu zen iaz udala eta horren arabera osatu zituen oinarri berriak. Urtarriletik aurrera martxan da zerbitzu indartua, eta hainbat hobekuntza izan ditu zerbitzuak. Batetik, makinaria berritu eta honako tresna horiek erosi dira: bi garbiketa-makina, bi gurpil elektriko, porter hibrido hidrogarbitzaile bat, beste garbiketa-tresna bat, espaloietako belarrak kentzeko erreminta berezi bat, espaloietako garbiketa hobetzeko kupula bikoitz bat eta beste hainbat tresna txiki: haize-makinak, sasi-garbitzeko makinak… Tresna berriei esker hostoak biltzea, espaloietako belarren garbiketa eta lirdingaren aurkako tratamendua maizago egiten dira orain; espaloiak urezko kupula baten bidez garbitzen dira, eta altzari urbanoen garbiketa indartu egin da, eta baita atarien eta elementu berezien garbiketa ere. Langileak "gustura" daude aldaketekin, eta eskaintzen duten zerbitzua "hobea" dela azpimarratu dute: "Lehengo lan bera dugu, baina baliabideak hobeak dira orain eta erosoago gabiltza".

Bestetik, garbitzaile bat gehiago kontratatu da urte osorako, eta langile guztiak lanaldi osora pasatu dira. Uda-denboraldian, gainera, langile bat gehiago izango da, eta errefortzu aldia hiru hilabetetik seira pasatu da: Aste Santutik urrira bitarte. Horrekin batera, hobekuntzak egin dira eguneroko lanaren antolaketan, eta horri esker, herria bere osotasunean garbitzen da egunero.

Herritarren elkarlana

Udalak kale garbiketa zerbitzua indartzea gain, herritarren elkarlana ere sustatu nahi du, "nork bere txikian, Orioko kaleak garbi mantentzen lagundu baitezakegu guztiok". Ildo horretan, hainbat eskaera egin ditu: "hondakinak ondo bereizi eta bakoitza dagokion ontzian bota; zakurren gorotzak jaso eta errefusaren ontzian bota; ez bota etxeko zaborra kaleko zaborrontzietan, edukiontzi handietan baizik, bakoitza dagokion ontzian, eta une jakinetan sortzen diren tamaina txikiko hondakinak (mukizapiak, tabako paketeak, janari eta edarien ontziak…) ez bota lurrera, metro gutxira zaborrontzi bat izango da-eta".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide