Astebete barru, martxoaren 6an, Zatoz! Lanbide Heziketa eta Enplegu Azoka egingo da Zarauzko Munoa plazan. Urola Kosta eta Urola Erdiko Lanbide Heziketako ikastetxeek, garapen agentziek eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak elkarlanean antolatutako ekimen honek "talentuaren sorrera, erakartzea eta mantentzea sustatze" du helburu, antolatzaileek adierazi dutenez. Lehen azoka hau Zarautzen antolatu dute, baina hurrengo edizioetarako eskualdez eskualde mugitzen joatea da asmoa.
Egun osoko jarduera izango da. 10:00etatik 18:30era bitartean, bi eskualdeetako Lanbide Heziketen zein garapen agentzien eskaintza ezagutzeko aukera izango dute plazara bertaratuko direnek. Bederatzi stand jarriko dituzte eta Lanbide Heziketako eskaintzarekin batera, ikastetxeen enplegurako prestakuntza eskaintza eta garapen agentzien eta Lanbideren enplegurako baliabideak erakutsiko dituztela ere azaldu dute ekimenaren antolatzaileek.
Urola Erdiko eta Urola Kostako DBH eta Batxilergoko ikasleak goizean zehar gerturatuko direla ere azaldu dute. Hala, 950 bat ikasle inguratuko direla aurreikusten dute. Antoniano Ikastetxea, Azkoitia BHI, Floreaga Salestar Ikastetxea, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Iraurgi Ikastetxea, La Salle Ikastetxea, Lizardi BHI, Orioko Herri Ikastola, Oteitza Lizeo Politeknikoa, Salbatore Mitxelena Ikastola, Zaragueta Herri Eskola, Zumaiena Ikastetxea, Zumaia BHI, Urola BHI ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dutela informatu dute.
Egitarauan jasotzen denez, goizean zehar hiru solasaldi egongo dira, eta bertan ikastetxeetako zuzendari, ikasle eta enpresetako ordezkari banak hartuko dute parte, "euren iritzia azaldu eta Lanbide Heziketako egungo egoera eta joerak ezagutzera emateko".