Sara Iriarte: "Orioko kontzertuan publikoa hunkitzea nahi dugu"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko ots. 22a, 14:43

Kattalin eta Nenufarrak musika taldeko Sara Iriarte. (Kattalin eta Nenufarrak)

Bihar arratsaldean, 19:00etan hasita, kontzertua eskainiko du Kattalin eta Nenufarrak musika taldeak Orioko Kultur Etxean. Bertako kidea da Sara Iriarte eta oholtzara igotzeko gogotsu dago, Orio bere bigarren etxea dela sentitzen baitu billabonatarrak. Kontzerturako gonbidapenak eskuragarri daude kultur etxean.

Bihar kontzertua eskainiko duzu Kattalin eta Nenufarrak taldearekin. Zer aurkeztuko duzue Orioko emanaldian?
Pop, soul eta rock musika uztartzen ditugu, baina nik esaten dut popa egiten dugula oso genero zabala delako. Gure lehen diskoa aurkeztuko dugu Orion, Hubble izenekoa. Maiatzean argitaratu genuen lana eta hori eskainiko dugu jendaurrean.

2021ean abiatu zenuten Kattalin eta Nenufarrak proiektua, baina orain artean zuzeneko kontzertu gutxi eman dituzue?
Taldekideok baditugu proiektu desberdinak, eta Kattalin eta Nenufarrak musika taldearekin pausoz pauso joan nahi izan dugu. Umiltasunetik ari gara lanean, eta ez gara asko mugitu orain arte; duela gutxi hasi gara proiektua oholtzetan aurkezten. Villabonan eman genuen lehen kontzertua abenduaren 29an eta Orion emango dugu bigarrena bihar.

Lehen kontzertu horretan zer moduzkoa izan zen publikoaren harrera?
Oso ona. Harrituta geratu ginen, pentsatzen genuena baino jende gehiago etorri zelako gu entzutera. Jaso genuen erantzuna ere oso ona izan zen, eta bertaratu zirenek komentatu ziguten diskoa baino gehiago gustatu zitzaiela zuzenekoa. Gure helburua da kontzertutara etortzen den publikoari zerbait berezia eskaintzea, eta publikoak erantzun hori izateak motibatu egin gaitu. Ari gara gauza berriak pentsatzen.

Orion kontzertura bertaratzen direnak. Zer aurkituko dute?
Dolu zati bat kontatu nahi dugu kontzertuan eta gordina izango da. Diskoa sortu zen nire amonaren heriotzaren harira, eta kontzertuan sentimenduak pil-pilean egongo dira. Askotan galdetzen dugu: Zer da arrakasta? Nire ustez arrakasta da norbaiti zerbait eragitea. Kasu honetan publikoa hunkitzea nahi dugu, gure galeratik eta benetakotasunetik. Villabonan lortu genuen; ea Orion zer atmosfera sortzen den.

Zu billabonatarra zara, baina baduzu lotura Oriorekin?
Bai, ni haurra nintzenetik etorri naiz Orioko Kanpinera, eta bertan igaro dut nire haurtzaroaren zati handi bat; beraz, lotura berezia dut herriarekin. Bigarren etxea dela sentitzen dut, egunerokotasunetik deskonektatzeko etxea. Oso kuttuna dut, eta oraindik ere etortzen naiz, hortaz berezia izango da Orioko kontzertua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide