Joan den larunbat iluntzean argirik gabe geratu zen herriaren zati handi bat eta eragina izan zuen etxebizitzetan, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduetan eta erakin publikoetan. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, "Iberdrolaren transformadore bat hartu zuen urak, eta segurtasunagatik beste batzuk itzali egin ziren. Ondorioz, argia moztuta egon zen hainbat orduz". Udalak jakin badaki, azken hilabeteetan gero eta gehiago nabaritu direla itsasoaren gorabeherak herrian. "Marea gero eta handiagoak maizago sortzen dituzte kalteak. Klima-aldaketaren ondorio zuzena da hori, eta Orio kostako herria den heinean, gero eta nabarmenagoa izango da", azaldu dute. Horren aurrean, Orioko Udalak uste du "epe luzeko planteamendua" egin behar dela eta "egoera berrira egokitzeko estrategiak landu". "Era berean, bizi dugun errealitateaz jabetu behar dugu guztiok, baita herritarrak ere, eta elkarlanean lan egin, egoerari erantzuteko", proposatu du Orioko Udalak.