Alokairuen prezioak

Mikel Arregi, Zestoako alkatea: "Udalak eskumena izango luke alokairuen prezioei egonkor eusteko"

Aitziber Arzallus 2024ko ots. 9a, 08:59

Mikel Arregi Zestoako alkatea. (Aitziber Arzallus)

Joan den apirilean Espainiako Kongresuak onartu zuen Etxebizitza Legeak alokairuen prezioen igoera mugatzeko aukera bat jasotzen du: herri bat edo barruti bat tentsio handiko eremu izendatzea. Izendapen hori, ordea, ez dago edozeinen eskura; bi baldintza ezarri dituzte, eta bietako bat betetzea nahikoa da: bata, azken bost urteotan alokairuen prezioen igoerak KPI gehi hiru puntu gainditzea –kasu honetan, %17koa baino handiagoa izatea–; bestea, alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastuak (ura, argindarra, etxepeko gastuak...) etxeko diru sarreren %30 gainditzea. Eusko Jaurlaritzak herriz herriko azterketa egin eta gero, izendapena eskatzeko baldintzak betetzen dituzten herrien zerrenda osatu du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 41 herri daude zerrenda horretan; tartean, Urola Kostako lau: Zestoa, Zumaia, Azkoitia eta Zarautz. Zestoaren eta Zumaiaren kasuan, herri guztia legoke egoera horretan; Azkoitiaren eta Zarautzen kasuan, eremu batzuk bakarrik. Orain, udalei dagokie izendapena jaso nahi duten ala ez balioestea eta Jaurlaritzari eskaera ofiziala egitea. Urola Kostan, oraingoz, Zestoa da aukera baliatzeko asmoa baieztatu duen bakarra. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak lantzen hasita daudela adierazi du Mikel Arregi alkateak, herriarentzat “aukera polita” dela irudituta. 

Alokairuko etxebizitzei dagokienez, zer nolakoa da Zestoako egoera? 

Alde batetik, eskaintza oso murritza da, nahiz eta, denean bezala, hemen ere etxebizitza huts asko dagoen; eta bestetik, daudenak garesti daude. Zerrendan geundela jakin aurretik ere bagenuen egoeraren berri, batez ere kalean entzundako kontuengatik. Halako etxe hilean 800 euro kostatzen dela, bestea ez dakit zenbat... Era horretako komentarioak geroz eta sarriago entzuten dira, eta ohartuta geunden prezioak ikaragarri igotzen ari zirela.  

Zeren ondorio izan daiteke neurriz kanpoko garestitze hori? 

Batetik, eskaintza horren urria izatearen ondorio, eta bestetik, kostatik gertu gaudelako eta kosta leporaino beteta dagoelako. Begira Zumaia nola dagoen: dena beteta, etxebizitza promozio berririk ez martxan... Geuk joan den agintaldian heldu genion berriz burbuila lehertu aurreko proiektu bati. Arroan 346 etxebizitza egitea zen garai hartako asmoa, baina hori egingarria ez zenez, Altuna y Uriarekin proiektua egokitu, 89 etxebizitzara mugatu, eta prezioak hitzartu genituen. Bada, dagoeneko salduta daude denak, aurki bizitzera sartzeko moduan. Beraz,  eskaintzarik ez dago, baina beste kontu bat da, egotekotan ere, nolako eskaintza mota nahi dugun.  

Nolako eskaintza sustatu beharko litzateke?

Gure inguruan etxebizitzen eskaintza sustapen pribatukoa izan da beti, baina, dudarik gabe, sustapen publikokoa izan behar luke. Herri txikietan, laguntzarik ezean, sustapen publikoko etxebizitzak eraikitzea oso zaila da, inbertsio ekonomiko handia eskatzen duelako, eta are zailagoa da herri horretako udalak lurzoru publikorik ez badu. Hori sarraski bat da, eta gu egoera horretan gaude, hemen urteetan egin den kudeaketa ultraliberalaren ondorioz. Aurreko agintaldian aritu ginen Jaurlaritzarekin eta Visesarekin hizketan, saiatu ginen hiri lur batzuk erosten, baina ikaragarria da egoera. Interes publikoko zerbait izanda, operazioak tasatutako prezioetan egitea nahi genuen, baina dena da espekulatzea, eta gainera, espekulatzea legezkoa da hemen, eta erakunde publikook ez daukagu ezer egiterik. Gero esango dute etxebizitza eskubidea dela, baina goitik behera urratutako eskubidea da, eta hori trajedia bat da, gazteei beraien bizi proiektuak egiteko aukera ukatzen ari garelako.  

Zailtasunak zailtasun, esku artean baduzue proiekturen bat, ezta? 

Bai, sekulako abenturan sartzea erabaki genuelako. Kale Okerrean nahiko egoera prekarioan dagoen eraikin bat erosi du udalak, eraikinak zituen 11 jabeekin hitz eginda, eta horrela, hiri lur urbanizagarria eskuratu dugu kasko historikoan. Orain, hori garatu egin behar da, eraiki, gero alokairu sozialera bideratzeko. Jaurlaritzaren laguntza etorriko zaigula espero dugu, baina ez daukagu ziurtasunik. 

Laguntza iritsiko ez balitzaizueke, zer? 

Azken aukera izango da udala bera sartzea sustapen publikoan, baina finantzazioa behar dugu horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko. Dena dela, gauzak aurrera doaz, eta notaritzako kontuak-eta egin eta aurki geldituko da eraikina udalaren esku. Izan ere, herrian behar ditugu horrelako ekimenak, bestela, alde batera kosta eta bestera Urola Erdiko bi herri handienak izanda, gazteek haietan bilatuko dute herrian ez daukatena, eta hori heriotza litzateke. 

Espero al zenuten Zestoa tentsio handiko herrien zerrendan sartzea? 

Bagenekien azken urteotan alokairuen prezioa asko igotzen ari zela, baina ez genuen pentsatu ere egiten zerrendan sartuko gintuztenik. Etxebizitza Legea onartu zutenean, kexaka jardun ginen zerbait gehiago egitea ere edukiko  zuketela esanez, iruditu zitzaigulako gurea bezalako herri txikientzat motz geratzen zela. Garbi zegoen zerrenda horretako herri batzuk zein izango ziren; adibidez, jakina zen Donostia eta inguruak tentsio handikotzat joko zituztela, eta kostako herriak zerrendan sartzea ere logikoa zen. Baina Zestoa? Zerrendako 41 herriek erkidegoko hiru probintzietako biztanleriaren %60 inguru pilatzen dute, eta zerrendako herririk txikiena da Zestoa. 

Izendapena eskuratzea zergatik da aukera ona herriarentzat? 

Udalak eskumena izango lukeelako, ez alokairu prezioak jaisteko, baina bai horiei egonkor samar eusteko. Izan ere, izendapena lortzen duten herrietan, prezioen igoera oso araututa egongo 
da, eta ez etxejabe bakoitzaren esku.

Tentsio handiko eremu izendatzeko, eskaera ofizialaz gain, hiru urterako ekintza plana aurkeztu beharko diozue Jaurlaritzari. Zer jasoko du plan horrek?

Dagoeneko baditugu Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin hitz eginda dauzkagun egitasmo batzuk. Alde batetik, Correoseko eremuan eta Kale Okerrean alokairu sozialera bideratzeko 23 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dugu. 
Bestetik, etxebizitza hutsen auditoretza bat egiteko asmoa jasoko dugu, gero horiek alokairuan jartzeko egitasmoak sustatzeko. Legediak muga batzuk ezartzen ditu, baina etxebizitza hutsak edukitzea zigortu beharra dago, besteak beste, jasangarritasunaren ikuspegitik onartezina delako herri batean etxebizitzen %20 hutsik egotea. Beharra  dagoenean eraiki bai, baina eraikitzeak ere inpaktu bat du. Hortaz, aztertzeko eta konponbidean jartzeko gauza asko daude, eta horiek guztiak jasoko ditu ekintza planak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide