Piztu itxaropena lelopean, Sahararen aldeko euskal karabana abian jarri da, eta aste osoan zehar janari-bilketa egiten ari dira Orion. Astetartean, ikastetxeetan egin dute, eta gaur plazara atera dute postua. Haima bat ere jarri dute bertan. Antolatzaileek azaldu dutenez, jende askok egin du bat deialdiarekin eta denetarik jaso dute.
Egunerokoan oso beharrezkoak diren produktuak bildu dituzte: arroza, dilistak, babarrunak, pasta, hegaluze-latak, sardinak, azukrea, medikamentuak eta konpresak, besteak beste. Jasotako guztia Tindufeko kanpamentuetara bidaliko da eta errefuxiatuen artean banatuko da.