Oraindik urruti dago uda sasoian jokatzen den traineru denboraldia, baina arraun taldeak hasi dira dagoeneko neguko estropadetan parte hartzen. Igandean, esaterako, Portugaleteko Traineru Jaitsiera jokatu zen eta garaipenarekin bueltatu dira oriotarrak etxera. Alde batetik, Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen trainerua lehen postuan sailkatu zen Maider Etxaniz patroi zutela; 14:05,51 denbora markatu zuten helmugan. Bigarrena izan zen Zumaia hamabi segundora eta hirugarren sailkatu zen Hibaika (14:18,00).
Bestetik, beteranoen kategorian, Badok 13 Orio A taldea izan zen nagusi. Maila horretan hemezortzi taldek parte hartu zuten lehian, eta oriotarrak izan ziren azkarrenak 13:37,45 denbora markatuta. Bigarren eta hirugarren sailkatuak Itsasoko Ama (13:46,15) eta Pentejos (13:49,12) izan ziren, hurrenez hurren.