Lapurreta egin zuten larunbatean Orioko estanko batean

Erredakzioa 2024ko urt. 25a, 10:14

Lapurrak 11 tabako kartoi eta dirua eraman zituen dendatik. Oraindik ez dute identifikatu lapurra.

Lapurreta izan zen pasa den larunbat goizean Orioko estanko batean. 09:20 inguruan pertsona bat sartu zen dendara. Estankoko langileak azaldu duenez, "aurpegia guztiz tapatuta eta betaurreko handi batzuk jantzita zituen, eta arraindegiko matxete bat zeraman eskuan".

Kirol poltsa batean tabakoa sartzeko agindua eman zion saltzaileari, eta ondoren dirua eskatu zion. "11 tabako kartoi eta dirua eraman zituen. Bitarte horretan bezero bat ere sartu zen dendara, baina zortez ez zen ezer gertatu".

Lapurra dendatik atera zenean, berehala hasi zen laguntza eske dendaria. Udaltzainak iritsi ziren lehenengo, eta ondoren, ertzaintzako bi agente.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du kasua argitzeko, baina momentuz ez dute identifikatu lapurra.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide