Negu betean sartuta, Orioko Udalak prest du martxora arteko kultur eskaintza, eta egunotan hartuko du abiadura –aurreko astean izan zen aurreneko ekitaldia, Jon Artano kazetariaren Juana liburuaren aurkezpena–. Atzo jakinarazi zuen programazioa udalak bere webgunean, eta musika emanaldiak izango dira protagonista aste honetan, Katedraleko Kontzertua eskainiko baitute ostiralean Easo Eskolaniak, Easo Gaztek eta Easo Kapera Gregorianistak elizan; eta igandean, berriz, Olatz Zugastik kontzertua emango du Karela kiroldegian. Azken horretarako sarrerak salgai daude online, Kultur Etxean nahiz Kutixi kafetegian, eta Karkara Gukak lau sarrera bikoitz ere zozkatuko ditu, udalaren eskutik.
Otsailean Inauteriak iritsiko dira, eta kale animazioa nahiz herri bazkaria egongo dira. Bazkariko txartelak gaur bertan jarriko dituzte salgai Kultur Etxean, eta hiru menu egongo dira: helduena, beganoa eta haurrena.
Inauterietako larunbat horretan bertan, otsailaren 10ean, jokatuko da Oriaren Traineru Jaitsiera ere.
Otsailean Ane Lindanek bakarrizketa eskainiko du, eta herriko zaintza-ereduaren gaineko lanketa abian jartzeko jai bat ere ospatuko da. Horren inguruko xehetasunak datozen asteetan emango ditu udalak. Hil hori amaitzeko, Kattalin eta Nenufarrak taldearen kontzertua egongo da.
Martxoan zehar, berriz, Danbolin Musika Eskolaren urteroko dantza-emanaldia eta entzunaldiak izango dira, eta aurten ere egingo dute Gipuzkoa Dance Contest jaialdia, hori ere martxoan. 23. Korrika ere hilabete horretan igaroko da Oriotik, eta horregatik, aurreko egunetan Korrika Kulturala ospatuko da herrian; prest dute horren egitarau osoa.
Kultur egitaraua
- Urtarrilak 26, ostirala: Katedraleko kontzertua: Licinio Reficeren meza polifonikoa eta pieza gregorianoak. Easo Eskolania, Easo Gazte eta Easo Kapera Gregorianista. 19:00etan, elizan.
- Urtarrilak 28, igandea: Olatz Zugastiren kontzertua, 19:00etan, kiroldegian. Sarrera: 10 euro.
- Otsailak 10, larunbata: Inauteriak egun osoan zehar, eta Oriaren Traineru Jaitsiera, 16:00etan, errioan.
- Otsailak 15, osteguna: Ane Lindaneren bakarrizketa, 19:00etan, Kultur Etxean.
- Otsailak 18, igandea: Nomad Raid Marokorako errepide-bidaia solidarioaren irteera. Goizez, hondartzan.
- Otsailak 19, astelehena: Miriam Mendoza ipuin kontalaria, 18:00etan, Kultur Etxean.
- Otsailak 23, ostirala: Kattalin eta Nenufarrak taldearen kontzertua, 19:00etan, Kultur Etxean.
- Otsailak 25, igandea: Zaintza ekitaldia, 11:30ean, Herriko Plazan.
- Martxoak 3, igandea: Danbolin Musika eta Dantza Eskolaren dantza emanaldia, 17:00etan, kiroldegian.
- Martxoak 10, igandea: Gipuzkoa Dance Contest jaialdia, egun osoan, kiroldegian.
- Martxoak 11, astelehena: Miriam Mendoza ipuin kontalaria, 18:00etan, Kultur Etxean.
- Martxoak 18-22: Danbolin Musika eta Dantza Eskolako ikasleen entzunaldiak.
- Martxoak 22, ostirala: Danbolin Musika eta Dantza Eskolako eta Lezoko Tomas Garbizu Eskolako banden topaketa. 19:00etan, Herriko Plazan.
Korrika Kulturala:
- Martxoak 15, ostirala: Xirika antzerki taldearen Zopa antzezlana, 19:00etan, Kultur Etxean.
- Martxoak 19, asteartea: Korrika Txikia, bazkalondoan, herrian barrena.
- Martxoak 19, asteartea: Bertso-poteoa Eneritz Artetxe eta Iñaki Gurrutxagarekin, 19:00etan, herrian barrena.
- Martxoak 19, asteartea: Pintxo-jana, 20:30ean, Herriko Plazan.
- Martxoak 19; asteartea: 23. Korrika Oriotik pasatuko da: 23:57an iritsiko da Aginagako Mapilera. Ikusi hemen herriko ibilbidea.
- Martxoak 21, osteguna: Bizkarsoro dokumentalaren emanaldia, 19:00etan, Kultur Etxean.