Gaueko tren zerbitzu berezia jarriko du Euskotrenek ostiralean Donostiarako joan-etorrietarako

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 18a, 11:00

Zarauzko behin-behineko tren geltokia. (Jabi Gonzalez Toston)

San Sebastian jaiak ospatuko dituzte Donostian, eta hiriburura festetara joan nahi dutenen joan-etorriak errazteko gaueko tren zerbitzu berezia jarriko du Euskotrenek.

Euskotrenek adierazi duenez, ostiraletik larunbatera bitarteko gauan tren zerbitzu bereziak izango dira festetara joan nahi edo haietatik itzuli nahi dutenen joan etorriak errazteko.

Zarautz eta Donostia artean orduro arituko direla trenak iragarri du tren zerbitzuaren operadoreak. Informazio gehiago eskuratzeko 944-33 33 33 telefono-zenbakira deitu daiteke.

Bus geltoki aldaketak Donostian

San Sebastian Eguna dela-eta, larunbatean, hilaren 20an, geraleku aldaketak izango dira Donostian. Hala, kostako lineei dagokionez, Zubieta plazako, eta Askatasuna etorbideko 3 eta 34ko geltokiak kendu egingo dira. Irteerak Federico Garcia Lorcatik (autobus geltokitik) egingo dituztela iragarri du Lurraldebusek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide