Orain arte, aholkularitza juridikoa, psikologikoa eta indarkeria matxista arreta nahiz bideraketa zerbitzua eskaini ditu Saregilek. Urte berria hastearekin batera, ordea, estreinakoz, sexu eta bikote aholkularitza hasi dira eskaintzen emakumeen etxean.
Libe Osa sexologoak eskainiko ditu saioak, eta norbanakoen edo bikoteen bizipenetatik abiatuta, orientazioa eta laguntza emateko gunea izango da zerbitzua. "Herritarren aspaldiko eskaera bati" erantzuten dio zerbitzuak, eta Saregileko dinamizatzaileek azaldu dute "harrera ona" izan duela lehen saioak. Izan ere, urtarrilaren 10ean ekin zioten zerbitzu berriari. "Sexualitateaz hitz egitea oraindik kostatu egiten da. Bide luzea dago egiteko, batez ere, emakumetasunetik. Baina gizonek ere badute zer egin, sexua bizitzeko modu bakarra baitute, oso gizontasunetik", adierazi dute sustatzaileek.
Zerbitzua doakoa eta konfidentziala da, eta hileko lehen asteazken arratsaldeetan eskainiko dituzte aurrez aurreko kontsultak. Nolanahi ere, aurrez hartu beharko da hitzordua, 623 178 553 telefonora deituta edo saregile@orio.eus helbidera idatzita.