Orion ekingo diote bihar batelen Gipuzkoako ligari

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 12a, 14:00

Zumaiako batel bat Urolaren itsasadarrean entrenatzen. (Juan Luis Romatet)

Larunbatean jokatuko dituzte denboraldiko lehen estropadak, Orion, Zarauzko Arraun Elkarteak antolatuta. Getariako, Zarauzko eta Zumaiako klubak ariko dira aurtengo ligan.

Euskal Herrian eta euskal mugetatik haratago egiten diren kirol jardueren artean, ikusgarrienetakoak izango dira traineru estropadak. Uda sasoian asteburuero izaten dira makina bat arraunzale erakartzen dituzten estropadak Kantauri itsasoaren kostaldeko herrietan. Kirol saio horietan maila onean aritzeko edo etorkizun batean Kontxan parte hartzeko aukerak izateko, lanketa askoz lehenagotik egin behar da. Hala, negu gorrian aritzen dira arraunlariak giharrak eta teknika prestatzen, hotzari eta euriari aurre eginez errioan gora eta behera, estropada garaia heltzen den unean dena emateko.

Harrobiko arraunlariek bihar izango dute urteko lehendabiziko estropada; izan ere, zapatuan jokatuko da Gipuzkoako batel ligako lehen jardunaldia. Zarauzko Arraun Elkarteak antolatuko ditu estropadak, baina Orion jokatuko dira, batelak ez direlako itsasoan aritzen. Estropada eremua herriguneko zubia eta Ortzaika artekoa izango da, eta 15:00etan ekingo diete lehen txandei. Infantilek 1.000 metroko distantzia egin beharko dute, promesa mailakoek 1.500 metrokoa, eta jubenil eta maila absolutoko batelek, berriz, 2.000 metrokoa.

Emakumeen ontzi gehiago

Gipuzkoako Arraun Federazioak emandako datuen arabera, 83 ontzi arituko dira aurtengo ligan lehian. Horietatik 52 emakumeen ontziak izango dira, eta 31 gizonenak. Kopuru hutsak badira ere, azken urteotan emakumeen arraunak izan duen gorakadaren erakusle izan daiteke gizonen ontziak baino gehiago izatea emakumeenak parte hartzaileen artean.

Eskualdeko klubei dagokienez, Getariako, Zarauzko eta Zumaiako arraun elkarteek uretaratuko dituzte batelak ligan. Orio Arraunketa Elkarteak, berriz, arraunketa mugikorrari emango dio lehentasuna eta batel ligako estropada gutxi batzuetan bakarrik parte hartuko dute.

Getariako Arraun Elkarteak lau ontzirekin parte hartuko du bihar hasiko den ligan: promesa nesketan batel bat, bi promesa mutiletan, eta beste bat jubenil mutiletan.

Zarauzko Arraun Elkarteak bost batel uretaratuko ditu: infantil nesketan bat, promesa nesketan bi, eta beste bi infantil mutiletan.

Zumaiako Telmo Deun arraun elkartea da eskualdetik ontzi gehien aurkeztu dituen kluba: infantil nesketan bat, hiru batel promesa nesketan, bat infantil mutiletan, eta beste bi promesa mutiletan.

Orioko Arraunketa Elkarteak ez du ligan parte hartuko, baina bihar estropadak etxean direla ikusita, hiru batel uretaratuko ditu, infantil mutiletan bat, eta bi ontzi infantil neskatan. Ligatik kanpo arituko dira biharko hitzorduan.

Hamabi estropadaz osatuko da aurtengo Gipuzkoako Batel Liga. Orioko hitzorduaren ondoren, hilaren amaieran Pasaiako badiak hartuko du ligako bigarren jardunaldia. Hirugarrena, berriz, Zumaian jokatuko da, otsailaren 4an. Getariak ligako zazpigarren jardunaldia hartuko du, martxoaren 10ean. Apirilaren 13an eta 14an Gipuzkoako txapelketa jokatuko da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide