Urteko azken egunean, igandean, jokatu zituzten Asteasun (Gipuzkoa) Urrezko Aizkolari Kopa Txapelketako eta Binakako Harrijasotze Txapelketako finalak. Usarrabi pilotalekuan izan ziren herri kirol lehiak, eta harrijasotzeko emakumezkoen norgehiagokan Aroa Sanchez oriotarrak jantzi zuen txapela Karmele Gisasola Zelai III.arekin bikotea osatuta. Lau harri mota desberdinekin 80 jasoaldi egin zituzten guztira.
Udane Ostolaza oriotarrak Ainitze Zumeta zarauztarrarekin osatu zuen bikotea, eta Maddi Gesalaga eta Lierni Osa zarauztarrek osatu zuten hirugarren bikoa. 74na altxaldi egin zituzten bi bikote horiek.
Ez ziren lehian aritu ziren oriotar bakarrak izan. Gizonezkoetan, izan ere, Gorka Etxeberria aritu zen harri jasotzen. Beñat Telleria lasartearrarekin osatu zuen bikotea, eta 106 altxaldirekin, bigarren izan ziren –txapela Mikel Lopetegi Urra eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.arentzat izan zen, 110 altxaldi eginda–. Xabat Olaizolak eta Inhar Urruzuno ondarroarrak, azkenik, 103 jasoaldi egin zituzten.