INOZENTEEN EGUNEKO ALBISTEA

Joseba Ostolazaren Harri Eskolako kideek Strongman txapelketan parte hartuko dute

Erredakzioa 2023ko abe. 28a, 10:01

Martin Licis Joseba Ostolazaren Harri Eskolako kideekin. (Joseba Ostolaza Harri Eskola)

[Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea] Udazkenean etorri zitzaien gonbidapena, 2019an munduko gizonik indartsuena izendatu zuten Martin Licisen estutik.

Joseba Ostolaza Harri Eskolako harri-jasotzaileek urteak daramatzate Euskal Herrian zehar erakustaldiak ematen eta harri-jasotze txapelketetan parte hartzen. Orain, urrats aurrera egitea erabaki dute, eta datorren maiatzean Strongman Txapelketa batean parte hartuko dute eskualdeko harri-jasotzaileek. Udazkenean etorri zitzaien gonbidapena, 2019an munduko gizonik indartsuena izendatu zuten Martin Licisen estutik. Izan ere, Licis otsailean Euskal Herrian izan zen harri-jasotzearen mundua bertatik bertara ezagutzen, eta txundituta geratu zen hemen kirolaren bueltan zegoen kultura eta giro aberatsarekin. Harreman estua egin zuen Joseba Ostolazaren eskolako kideek Licisekin, eta Unknown Strength izeneko jaialdia ere antolatu zuten Abadiñon. Bertan Licis harri-jasotzen jardun zen euskaldunen artean. Ekimenak izan zuen arrakasta ikusita, elkarlanari jarraipena eman nahi diote indar-kirolen munduko kirolariak berriz biltzeko asmoz, eta Strongman txapelketa antolatuko dute Aian maiatzean. Oraindik eguna zehaztu ez badute ere, herritar eta bisitari ugari biltzen dituen Asentzio Azokaren bueltan egitea polita litzatekeela uste dute.

Strongman txapelketak hainbat probaz osatuta egoten dira: pisu hila, gurpil erraldoiari buelta ematea, pisu elementuekin sentadillak egitea, gurdia-mugitzea, gain-zama hartuta oinez ibiltzea, kamioia edo traktorea tiratzea, harri-jasotzea, kettlebell jaurtiketa eta sorbaldako pressa elementu pisutsu desberdinekin. Horietako proba asko euskal harri-jasotzaileek beren eguneroko entrenamenduetan egiten ez badituzte ere, uste dute herri-kiroletako proben antzekoak direla, eta maiatzera bitartean horietan trebatzen jardungo dira Joseba Ostolazaren Harri Eskolako kideak. Harri-jasotzaileak "gogotsu" daude erronka berriarekin, eta maiatzean Aiako probalekua ikuslez betetzea espero dute, mota honetako txapelketa Euskal Herrian antolatzen den lehen aldia izango baita.   

Abenduak 28, 18:00: Karkarak Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea da hau. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide