Orioko Udalak jakinarazi du euskarazko produktuen katalogoa banatu duela egunotan, herriko bi ikastetxeen laguntzarekin. Guztira, katalogoaren 1.200 erosi ditu Udalak eta, herriko ikasle guztien etxeetara bidaltzeaz gain, herritarren eskura jarri ditu kultur etxean eta udaletxean. Nahiago duenak, internet bidez ere eskuragarri du hemen.
Gabonetako opariei begira, euskarazko produktuak sustatzeko helburuarekin banatuko dute katalogoa. Hala, katalogoan euskaraz argitaratzen diren produktu egokienak eta haien inguruko informazioa agertzen dira (argitaletxea, prezio-tartea eta abar), etxeko haur eta gaztetxoek euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko aukera izan dezaten. Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu.
Katalogoa zortzi ataletan banatuta dago: musika, filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, gurasoentzako materiala, informatika eta jostailu eta jokoak.