San Nikolas hirugarrena da gaur, eta jaiei amaiera emateko herri kirol erakustaldia izan da frontoian arratsalde-iluntzean Joseba Ostolaza Harri Eskolaren eskutik. Aurrena, ordea, haurrentzako saioa antolatu dute Ostolazak eta Zaragueta Herri Eskolak, eta dozenaka haur animatu dira harri jasotzen, txingetan, lokotx biltzen, ingudearekin, giza proban nahiz zaku eramaten. Giro polita sortu da, eta guraso batzuk ere animatu dira lokotx biltzera.
Joseba Ostolazak Karkarari azaldu dionez, baziren bost urte herri kirol erakustaldirik ez zela egiten San Nikolas jaietan, eta udalak eskatu zion antolatu zezala zerbait aurtengo festetarako. Ekintzen barruan umeentzat ere saioren bat egotea eskatu zioten, eta hala egin dute.
Helduen erakustaldian, berriz, oriotarrak kanpotarren kontra aritu dira: etxekoen taldean Iñigo Landa, Gorka Etxeberria, Aimar Galarraga, Aroa Sanchez, Udane Ostolaza, Elene Ostolaza, Garazi Ansa eta Xiker Larrea aritu dira eta bestean, berriz, Jon Goenatxo, Xabier Guzta, Imanol Lartain, Ane Zinkunegi, Olaia Esnaola, Josu Urbieta, Gari Garmendia, Estefania Etxebeste eta Asier Altuna.
Frontoia bete egin dute, jende askok zutik ikusi behar izan du erakustaldia, eta kirolariak askotariko herri kiroletan aritu dira: harri jasotzen guztiak aritu dira, eta ondoren batzuk aizkoran, besteak trontzan nahiz txingetan... aritu dira.
Ondoren, gainera, Gipuzkoako Lokotx Bilketa Txapelketa ospatu da.