Sanikolasak agurtzeko modu paregabea eskaini diete Zast saskibaloi taldeak eta Orioko Herri Ikastolak herriko eta inguruko gaztetxoei aurten ere: 3x3 saskibaloi txapelketan parte hartzea; ondo pasatzearekin batera, gainera, janari bilketa egin dute denen artean, gero Caritasek eta Gizarte Zerbitzuek herrian bana dezaten gehien behar dutenen artean.
Orioko, Zarauzko eta Getariako 266 gaztetxok eman dute izena saskibaloian aritzeko, eta talde bakoitzak poltsa bete janari ekarri du trukean. Janariaz gain, txapelketan zehar borondatea eskatu dute antolatzaileek, jasotako diru horrekin janari freskoa erosi ahal izateko. Gainera, txapelketaren berri ematerakoan mantak ere eskatu zituzten, "kale gorrian daudenentzat".