San Nikolas jaiak 2023

Jan-edana nagusi San Nikolas bigarrenean

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 7a, 15:40

Lurrin gozoz bete dira gaur herriko bazterrak: erretiratuen hamaiketakoarekin hasi da eguna, gero sagardo dastaketa izan da plazan, eta ondoren, herri bazkaria Karela kiroldegian.

Sabelak eta zintzurrak goxatzen ari dira oriotarrak gaur goizetik hasita. San Nikolas bigarrena da, parranda eguna ere bai, eta eguraldiak lagundu ez arren, jendez bete da plaza eguerdi partean sagardo dastaketaren aitzakian. Bakioko (Bizkaia) Txeroke txarangakoek girotu dute hitzordua, eta kantuan jarri dute bat baino gehiago. 

Horren aurretik, herriko erretiratu asko Zaharren Babeslekuan elkartu da urteroko hamaiketakoa egiteko. Salda beroa, txorixo egosia eta ardoa nahiz sagardoa hartzeko aukera izan dute, eta zerbitzari lanak egiten aritu da alkatea bera ere.

Jende gehien, dena den, Karela kiroldegian elkartu da 14:30 inguruan, han ari baitira egiten ordu honetan sanikolasetako herri bazkaria 400 lagun inguru. Familia asko elkartu da, baita lagun talde andana ere, bapo jan eta edateko gogotsu batzuk, eguna lagunartean igarotzeko pozik beste asko.

Gaurko egitarauak arratsalde partean jarraituko du, eta bihar izango da festetako azken eguna.

Gaur arratsaldeko egitaraua

17:30. Kuadrillen eta familien igoera Hamarru elektrotxarangarekin, Pello eta Nikolasa erraldoiekin eta buruhandiekin.
19:30. Erromeria, plazan: Joselu Anaiak.
23:00. Erromeria, plazan: Joselu Anaiak.

Bihar, ostirala. San Nikolas hirugarrena

 
10:00. Ikastolak eta Zastek antolatutako saskibaloi festa solidarioa.
12:00. 10 urtez azpikoen Dardo Txapelketa, Bikamiotan.
Goizean. Gure Boza otxotea.
12:00. Escamot catala emanaldia kalez kale, Talai Mendiko dantzariekin. Ibilbidea: Ibai Ondo, Aritzaga, Plaza.
16:30. Haur eta gazteentzat herri kirolak plazan, Joseba Ostolaza eskolako kirolariekin eta Zaragueta Herri Eskolako gurasoekin.
17:00. Helduen Dardo Txapelketa Bikamiotan.
17:30. Pello eta Nikolasa erraldoiak, buruhandiak eta Danbolin musika eskolako txistu taldea.
17:30. Joseba Ostolaza eskolako ikasleen herri kirol erakustaldia plazan. Oriotarrak kanpotarren kontra aizkoran, harrijasotzen, trontzan eta txingetan.
Oriotarrak: Iñigo Landa, Gorka Etxeberria, Aimar Galarraga, Aroa Sanchez, Udane Ostolaza, Elene Ostolaza, Garazi Ansa eta Xiker Larrea.
Kanpotarrak: Jon Goenatxo, Xabier Guzta, Imanol Lartain, Ane Zinkunegi, Olaia Esnaola, Josu Urbieta, Gari Garmendia, Estefania Etxebeste eta Asier Altuna.
18:00. Herriko txaranga. kalez kale. Ibilbidea: Plaza, Eusko Gudari, Arrantzale, Plaza, Aritzaga, Ibai Ondo, Aita Lertxundi, Plaza.
18:30. Talo tailerra haurrentzat eta taloak, plazan, Zaragueta Herriko Eskolak antolatuta. Taloa 2,5 eurotan salgai.
19:15. Gipuzkoako Lokotx Bilketa Txapelketa, moilako errepidean.
19:30. Kontzertua: UT!
Euskal kantu mitikoen bertsioak: Errobi, Itoitz, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Niko Etxart, Hertzainak eta abar.
23:00. Zilibito Records taldearen kontzertua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide