Euskaraz Gazte literatur lehiaketako sariak banatu dituzte

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abe. 2a, 10:57

Euskaraz Gazte literatur lehiaketak aurten 30 urte bete ditu eta sariketako epaimahaiak poza agertu zuen atzo arratsaldeko ekitaldian, "lehiaketa honek herrian idazteko zaletasuna duten guztien bilgune eta erreferentzia izaten" jarraitzen duelako.

Atzo, arratsaldean, Euskaraz Gazte literatur lehiaketako sari banaketa ekitaldia izan zen Orioko Kultur Etxean, eta aurtengo saridunak zein izan diren jakinarazi zuten. Berezia izan da aurtengo edizioa, lehiaketak 30 urte bete dituelako; sariketako epaimahaiak ere poza agertu zuen "lehiaketa honek herrian idazteko zaletasuna duten guztien bilgune eta erreferentzia izaten" jarraitzen duelako. Ekitaldia, lagun giroan, herriko literatur sortzaile eta bertsolarien konpainian egin zuten, Danbolin Musika Eskolako soka taldeko hainbat kideren doinuek girotuta. Gainera, bertso eta olerki atalean saria irabazi zutenek beren lanak jendaurrean kantatu eta errezitatu zituzten, bertaratu zirenen gozamenerako.

Lehiaketaren epaimahaia honela osatu da aurtengo edizioan: Rikardo Uzkudun, Karkara elkartearen izenean; Eli Lasa, Aiako Udaleko kultur teknikaria; eta Jabier Zabaleta, Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikaria.

Hauek izan dira aurten saria irabazi dutenak:

Ipuinak

1.- Ramon. Iñigo Gaiton.

2.- Fisherman’s Tale. Aritz Pardina.

3.- Alfajarin. Garazi Urretabizkaia.

Accesita: (A)fi(k)zioa. Ainhoa Mujika.

Bertsoak eta olerkiak

1.- Luiziak. Ainhoa Mujika.

2.- Ezerrez ta asko. Xabier Iribar.

3.- Oria: Aizkorritik itsasora. Xabier Sukia.

Accesita: Juan Zen. Iñigo Gaiton.

Accesita: Aulki morea. Rosi Lazkano.

Saritutako lanak urtarrileko Karkara aldizkarian argitaratuko dira Gabonak eta gero. Ondoren, Orioko Udalaren atari digitalean ere irakurgai izango dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide