Orioko Mugimendu Feministak greba feministaren lehen balorazio positiboa egin du. Zaintza kolektiboaren aldeko ekimenetan "parte-hartze handia" izan dela azpimarratu dute, eta "oso pozik" daudela herritarrek emandako erantzunarekin.
Ekimen guztiak orotara kontuan hartuta, manifestazioa izan da "jendetsuena" Orioko Mugimendu Feministatik azaldu dutenez. Herrian zehar zaintzarekin lotutako hiru guneetan egin dituzte paradak, eta "bereziki eskertu" nahi dute eguneko zentrokoen parte-hartzea: "Eguneko zentroko langileekin jarri ginen harremanetan greba aurretik, eta momentu honetan beraien eskubideen alde daude borrokan. Asko eskertu dute gure babesa, eta aipamen berezia egin nahiko genieke", azpimarratu du mugimendu feministak.
Gazitik eta gozotik
Mugimendu feministak balorazio gozoa egin duen arren, gazitik ere izan dutela nabarmendu dute. Ildo honetatik salatu nahi dute "hainbat auto zein kamioi gidarik izan duten erantzuna". Izan ere, "azeleratzen" erantzun dute; "guk eraso gisa hartzen ditugu jarrera horiek", esan dute.