Iritsi da Azaroaren 30a. Greba feminista orokorrera deituta daude herritarrak zaintzarako eskubidea aldarrikatzeko, eta eguneko lehen orduetan, nabaria da grebaren eragina Orioko kaleetan. Udal zerbitzuak itxita, eta baita hainbat saltoki eta negozio ere. Beste batzuk, berriz, zabalik daude.
Grebaren harira, adin guztietako hogei lagun inguru elkartu dira 09:00etan Saregile Emakumeon Etxean, eta txokolate beroa hartuz, bilera egin dute, goizeko ekintzak zehazteko. 10:15 aldera joan dira errepide nagusira, autobus geltoki parera, eta errepidea osorik itxi dute hainbat minutuz. Bi pankarta zabaldu dituzte, bakoitza alde banatara, eta zaintzaren inguruko aldarrikapenak megafonia bidez entzun ahal izan dituzte inguruan ziren herritarrek.
Inolako istilurik gabe amaitu dute errepide mozketa, eta pikete informatiboekin jarraitu dute.
12:00etan manifestazioa egingo dute plazatik abiatuta, eta 14:00etan bazkaria izango da Balea elkartean. Arratsaldean, elkarrekin joango dira kotxeetan Zumaian egingo den eskualde mailako manifestaziora.