San Nikolas jaiak 2023

Escamot Catala taldea Orion izango da abenduaren 8an

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abe. 4a, 09:00

Escamot Catala taldea. (Herrixa dantzan)

Eguerdian hasita, Escamot Catala taldeko 40 lagun inguru bilduko dira Orioko Herriko Plazan eta plazako dantzaldi sozialak eskainiko dute. Arratsaldean, berriz, Aristerrazuko erromeria ezagutzera joango dira Aiako Andatza auzora.

San Nikolas jaiak aitzaki hartuta, Escamot Catala dantza taldea Orion izango da abenduaren 8an. Egitasmoa Kataluniako (Herrialde Katalanak) dantzazale talde batek sortu zuen 2015ean, eta urtero abenduko zubia aprobetxatzen dute Euskal Herrira txangoa egin eta bisitatzen dituzten herrietan dantzaldiak egiteko.

Aurten, euren bederatzigarren edizioa izango da, eta lau herritan egingo dute geldialdia: Elgeta, Igorre, Lakaben eta Orio. Guztira, 40 lagun inguru bildu dituzte ekimenean parte hartzeko, eta aukeratutako herrietan plazako dantzaldi sozialak egingo dituzte. Hala, eskainiko dituzte Euskal Herrian ohiko diren dantzak (baltsak, pasodobleak, eskotixak, mazurkak, jauziak, hemengo eta hango jotak, Lantzeko zortzikoa, Chapelloise, Borobila, beste kontradantza batzuk...), eta Kataluniako eta Gaskoina-Okzitaniako dantzak (sokan, korruan...).

11:30ean hasiko da Escamot Catala taldearen dantzaldia, eta arratsaldean Aristerrazuko erromeria ezagutzera joango dira Aiako Andatza auzora; bertan ez dute saioa eskainiko, baina Aristerrazuko erromeria giroa bertatik bertara ezagutu nahi dute dantzariek eta musikariek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide