Gaur Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da eta Aiako eta Orioko udaletako gizarte zerbitzuek KARKARAri emandako datuek argi erakusten dute bi herriotan ere bizi-bizirik jarraitzen duela indarkeria matxistak.
Aia
Indarkeria matxista jasandako bost emakume artatu dituzte aurten Aiako Gizarte Zerbitzuetan, iaz baino lau gehiago. Zehaztu dutenez, bost emakume horietatik bik indarkeria psikologikoa eta ekonomikoa jasan dute, beste bik indarkeria psikologikoa, eta, azkenak fisikoa eta psikologikoa. Guztiak ere, oso gertuko pertsonek eraso dituzte: senarrak hiru, familiako kide batek bat, eta lagunak beste bat.
Eraso matxistak pairatu dituzten emakume horien adina ere zehaztu dute Aiako Gizarte Zerbitzuek: 19 urtekoa da gazteena, eta 46, 50, 59 eta 68 urte dituzte gainerakoek.
Orio
32 pertsonek (emakumeak eta haien seme-alabak) jaso dute Gizarte Zerbitzuen laguntza iazko azarotik aurtengora Orion indarkeriaren biktima izan direlako. Nabarmena izan da gorakada; izan ere, bikoiztu egin da emakumeenganako eraso kopurua.
Zehaztu dutenez, azken urtean indarkeria matxistagatik Gizarte Zerbitzuetan artatu dituzten biktimetatik 21ek jasan dute indarkeria fisikoa, eta tartean erailketa bat ere izan zen maiatzean. 23k indarkeria psikologikoa pairatu dute; batek ekonomikoa eta bik bikarioa, hau da, emakumeari min emateko seme-alabei edo hirugarren pertsona bati egin diote eraso. Guztiek ere familiako edo oso gertuko pertsonengandik jasan dituzte erasoak: hamabik aitarengandik, zortzik bikotekidearengandik, lauk bikotekide ohiarengandik, bostek amaren bikotekidearengandik eta hiruk amaren bikotekide ohiarengandik. Horietatik guztietatik 21ek jarri dute salaketa.
Biktimen adinari erreparatuta, bestalde, hamabi adin txikikoak dira, zortzi 19 eta 30 urte artekoak, bost 31 eta 40 urte artekoak, lau 51 eta 65 urte artekoak eta hiru 41 eta 50 urte artekoak. Jatorriz, berriz, Euskal Herrikoak dira gehienak: hamazazpi.
Iazko datuekin alderatuta gorakada nabarmena nabari da gizarte zerbitzuetan artatu dituzten indarkeria kasuetan, eta Emakumeen Etxetik azaldu dutenez kasuen detekzioan asko aurreratu da azken urtean. "Alde batetik, udala politika sozialetan indar gehiago jartzen ari da azken urtetan eta horrek ahalbidetu du zerbitzu berriak martxan jartzea. Eta bestetik, gaiarekiko sentsibilizazioan ere urrats garrantzitsuak egin dira, eta lehen ezkutuan geratzen ziren kasuak gaur egun indarkeria matxista gisa identifikatzen dira. Hala, zerbitzu berriek eta sentsibilizazioak eragin dute detekzioa eraginkorragoa izatea eta esku-hartzea azkarrago egitea".