Aurtengo Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna, berezia izango da Orion, urte erdia igaro baita Lourdes del Hoyo hil zuenetik haren bikotekide ohiak, maiatzaren 16 arratsaldean. Herria astindu zuen erailketa hark, eta Azaroaren 25 honetan, larunbatean, hilketa gertatutako tokian egingo dute elkarretaratzea herritarrek: Arrantzale kaleko parkean. Hantxe daude banku morea eta liburuak trukatzeko gunea Del Hoyoren omenez. Bilkura 12:00etan izango da.
Egun bat lehenago, ostiral honetan, ikasleak aterako dira kalera, eta haiek ere aldarrikatuko dute indarkeria matxistak Orion tokirik ez duela. Ohi bezala, elkarrekin egingo dute elkarretaratzea Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako ikasleek. Plazan da hitzordua, 11:30ean.