Gipuzkoako Harri Handien Txapelketan hirugarren sailkatu da Aimar Galarraga

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 19a, 17:50

Aimar Galarraga, atzoko txapelketaren une batean. (Tolosaldeko Ataria)

Xabier Aranburu Guzta eta Gari Garmendia aurretik izan zituen oriotarrak atzo Zizurkilgo Intxau pilotalekuan jokatutako lehian.

Aimar Galarraga hirugarren sailkatu zen atzo, Zizurkilen, Gipuzkoako Harri Handien Txapelketan. Sei harri jasotzaile lehiatu ziren atzo Intxaur pilotalekuan –Xabier Aranburu Guzta, Gari Garmendia, Imanol Royo, Jon Unanue Goenatxo III.a, Julen Diaz eta Galarraga bera–, baina bostek zuten txapela janzteko aukera, Diaz arabarra gonbidatu gisa aritu baitzen. Hain zuzen ere, Diazek baino 25 kilo jaso zituen Galarragak, 4.000, baina podiuma beretzat izan zen. Laukizuzena lau aldiz, zilindroa sei aldiz, kubikoa beste seitan eta bola hamar aldiz jaso zituen oriotarrak.

Gipuzkoako Harri Handien txapela, berriz, Guztarentzat izan zen. Urrestillan bizi den idiazabaldarra izan zen txapelketan jaso behar izan zituzten lau harriak batuta kilo gehien altxatzea lortu zuena: 4.525 kilo batu zituen guztira txapeldunak, laukizunena bost aldiz, zilindroa zazpi aldiz, kubikoa beste zazpitan eta bola hamar aldiz altxatu ondoren. Beste idiazabaldar batentzat, Garmendiarentzat, izan zen bigarren tokia, 4.375 kilorekin; laukizuzenari lau altxaldi, zilindroari sei, kubikoari beste sei eta bolari hamahiru eman zizkion txapeldunordeak.

Goenatxok, berriz, ezin izan zituen lanak bukatu. Laukizuzena eta zilindroa besterik ez zituen altxatu azkoitiarrak, lehia utzi aurretik.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide