'Azken ipuina amari' ipuina aurkeztuko dute Orion hilaren 20an

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko aza. 14a, 13:00

Manex Beristain 'Azken galdera amari' ipuin-kontaketa saioan Azpeitian. (Aitziber Arzallus)

Manex Beristainek sortutako 'Azken galdera amari' ipuinak "heriotzaren eta doluaren inguruan kontzientzia lanketa bat" egitea du helburu , eta bide batez, gai horiek lantzeko baliabideak eskaintzea.

Haurrekin heriotzaren gaia eta dolua lantzea helburu duen Azken galdera amari ipuina ondu du Manex Beristain azpeitiarrak, eta datorren astelehenean Orioko Kultur Etxean aurkeztuko du, 19:00etan hasita. Benetako gertaeretan oinarritutako istorioa da. "Heriotzaren eta doluaren inguruan kontzientzia lanketa bat" egitea du helburu, eta bide batez, gai horiek lantzeko baliabideak eskaintzea. Izan ere, "bizitza bera bezala, ipuinean geruzarik gabe agertzen dira heriotza, dolua, bakardadea, galera edota beldurra bezalako kontzeptuak".

Proiektu horren sorrera benetako gertaera batean oinarritzen dela azaldu du egileak. "Bi urte eta erdiko mutiko baten istorio gogorra da abiapuntua. Bere ama, minbiziaz gaixotu osteko prozesua kontatzen du eta ondoren amaren heriotza. Mutiko horren aita izaki, dolu prozesu bikoitza igaro dudala eta igarotzen ari naizela sentitu izan dut. Batetik, bikotea galtzearen dolua eta bestetik ama galdu duen seme horren minaren dolua. Finean, dolu prozesua, egokiera bat da, heriotza bera bezala. Ordu arte, zure bizitza eusten zuten zimendu guztiak, papera bezala jausten direla ikusten duzu".

Aurkezpena heldu nahiz haurrei zuzenduta egongo da, baina haurrek gurasoekin joatea komeni dela azaldu du saioa antolatu duen Zainbizi elkarteak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide