Tren zerbitzu berezia izango da Behobia-Donostia lasterketagatik

Juan Luis Romatet 2023ko aza. 10a, 09:00

Igandean jokatuko den Behobia-Donostia kroseko joan-etorriak errazteko tren zerbitzu berezia jarriko du Euskotrenek goizetik bazkalondora bitartean.

Milaka lagunek hartuko dute parte igandean korrituko den Behobia-Donostia lasterketan. Eskualdeko herrietatik autobus bereziak antolatu dira korrikalariak irteera puntura eramateko eta, kasu batzuetan, behin lasterketa amaitutakoan kirolariak beren herrietara itzultzeko.

Euskotrenek ere azaroaren 12an trenen zerbitzua indartuko du, Behobia-Donostia ospakizunak sortzen dituen joan-etorrien beharrei erantzuteko. Tren zerbitzu berezia 07:15etik 15:00etara luzatuko da, eta helburu nagusia parte-hartzaileak lasterketaren irteera-puntura eramatea izango da. Trenez Ficoba/Irun geltokiraino iritsi ahal izango da, eta handik autobus-anezkak jarriko dira.

Zarautz-Amara/Donostia-Zarautz linean (gogoratu Zumaia eta Zarautz arteko zerbitzua moztuta dagoela lanengatik], asteburuko maiztasuna mantenduko da, orduro Amara/Donostiarainoko tren batekin, baina Zarauztik bi irteera berezi egingo dira (7:51ean eta 8:51ean), bidaiariak Ficoba/Iruneraino eramateko, Amaran ohiko tren aldaketa egin beharrik gabe.

Euskotrenek azaroaren 12an trenez joango direnei gomendatzen die ordutegiak aldez aurretik kontsultatzeko Euskotrenen APP ofizialean eta www.euskotren.eus webgunean. Informazio gehiago behar duten erabiltzaileek 944 333 333 telefono-zenbakia dute. Horrez gain, informazioa Euskotreneko langileek zerbitzatzen dituzten geltokietan ere jaso dezakete

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide