Urriaren 10ean, astearte gauean, jasotako telefono deiaren ondoren, familiari eta 2023ko denboraldian nirekin batera aritutako arraulariei adierazi nien, 2024ko denboraldian ez nintzela Orio AEko entrenatzailea izango. Ordutik honaino, arraun elkarteko hauteskunde prozesu bat medio, beste inon ez dut adierazpenik egin nahi izan, beti ere, prozesu horri eta elkarteari diodan errespetu eta maitasunagatik.
Urriaren 17an, asteartean, berriz, behin betiko zuzendaritza batzorde berria aurkezteko ezohiko batzarraren ondoren, presidente berriaren adierazpenak entzunda, nire izenak, berriro ere Orio AEren 2024ko proiektuarekin nolabaiteko binkulazioa eduki zezakeela airean geratu zela iruditu zitzaidan. Gauzak horrela, batzuk era batera eta beste batzuk bestera, denetarik esan edo entzun daitekeela onartuz, nire aldetik, esatekoak, isiltasunetik askoz hobeto ulertuko zaidalakoan nago.
Gaur, urriak 20, ostirala, gauza bat bakarra dut esateko. Laster 53 urte beteko ditut, 38 jarraian arraunean eta horietatik 27 Orion. Orio AE osatzen duen komunitate osoari, zaleei, babesleei eta Orioko udal eta herritar guztiei, eskerrik asko. Momentu zoragarriak bizitzeko emandako aukeragatik, eskerrik asko. Kirol emaitzak albo batera utziz, hainbeste urtetan, hainbeste arraularirekin (ehundaka) bizitakoa elkarrekin bizitzen uzteagatik, eskerrik asko. Zaleen pozak, tristurak, baina, batez ere, ilusioak elkarbanatzeagatik, eskerrik asko. Konfiantza eman didazuen guztiei eta kritikatik hobea izatera bultzatu nauzuenei ere, eskerrik asko.
Bukatzeko, aurreko bi zuzendaritza taldeei eta, bereziki, hurrengo lau urteetarako elkartearen zuzendaritza kudeatzera konprometitu den lan taldeari, oso jende gutxik hartuko lukeen erantzunkizuna hartzeagatik, eskerrik asko eta indartsu mantendu aurrera begira. Honekin batera, eskaera bat zale eta, batik bat, herritar guztiei: babes ditzagun denon artean lan talde honen erabakiak eta, batik bat, elkarte barruko "gorabeherak", ez dezala inondik inora herri bizikidetza nahastu. Iritzi ezberdinak zilegi dira bai, baina herri bizikidetza zaintzen ez badugu, beste guztiak ez luke inongo zentzurik.
Mila esker denoi bihotzez, eta AUPA ORIO!