Intza Unanuek gidatuta eta giro paregabean egin dute eskualdeko Emakume Ekintzaileen Topaketaren lehenengo edizioa gaur goizean UKUE Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UKUEko Ekonomia Sustapenerako zerbitzuak antolatu dute ekimena eta hogei bat lagun elkartu dira. Bakoitzak bere esperientzia eta negozioa azaldu ditu eta kezkak eta beldurrak azaleratu ditu. Horretaz gain, coaching saioa ere jaso dute bertaratuek pertsonen eta negozioen garapenean aditua den Amaia Zabaluaren eskutik.
Ondoren, atseden txiki bat eduki dute parte hartzaileek, eta amaieran, Enpresa Sustapen zerbitzuaren bitartez negozio arrakastatsua abiatu zuen emakume batek haren nondik norakoak azaldu ditu. Ekitaldiaren helburua izan da emakume ekintzaileek beren bizipenak, zailtasunak eta arrakastak elkarbanatzea, baita beste ekintzaile eta enpresariekin sarea egitea ere.