Astelehenean ezohiko batzarra egin zuen Orio Arraunketa Elkarteak; 85 bazkidek parte hartu zuten bileran eta bertan hauteskunde prozesua abiatzeko urratsak eman zituzten. Batetik, hauteskunde batzordea osatu zuten; hain zuzen ere Joxemari Olasagastik, Joxemiel Udabe eta Patxi Atorrasagastik osatuko dute.
Bestetik, hauteskunde egutegia ere zehaztu zuten. Horren arabera, hautagai-zerrendak aurkezteko epea urriaren 16ra bitartean egongo da irekita, eta horiek klubean bertan edo posta-zertifikatuz (Orio AE - 21 Postakutxa - 20810 - Orio) aurkeztu daitezke. Zerrendek itxiak izan behar dute, gutxienez bederatzi bazkidez osatuak, eta zerrenda burua izango da presidentetzarako hautatua.
Hauteskunde batzordeak, urriaren 17an, asteartearekin, aztertuko du gaia, eta hautagai-zerrenda bakarra balego, inolako bozketarik egin gabe, horrek hartuko luke elkartearen zuzendaritza. Hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkeztuko balitz, berriz, urriaren 21ean egingo lirateke hauteskundeak.