Ekitaldiz betetako udazkena izango da Orion

Andrea Zipitria 2023ko ira. 30a, 10:30

Danbolinen kontzertua.

Kultur eskaintza zabala izango da: kontzertuak, kirol ekitaldiak, moda, ikus-entzunezkoen proiekzioak eta antzerkia, besteak beste.

Orioko Udaleko kultura sailak, atzo iragarri zuen datozen bi hilabetetako kultur egitaraua. Herriko eragileekin elkarlanean, era askotako proposamenak jaso dituzte programan: literatura, itsas ondarea, musika, kirola, moda, ikus-entzunezkoak eta antzerkia izango dira, besteak beste.

Datorren asteazkenean, urriak 4, Jabier Iraola Gabilondoren Igeldoko historia eta istorioak liburuaren aurkezpenarekin abiatuko da programa, eta ostiraletik igandera, Mutiozabal Festa ospatuko da errioaren bueltan.

Kirolak ere izango du bere lekua. Urriaren 7an egingo da 28. Surf Txapelketa, eta hilaren 21ean, bestalde, Behoria Garbia kanoa-jaitsiera, Begi Bistanek antolatuta. Egun horretan bertan, arratsaldez, Pello eta Nikolasa herriko erraldoiek gonbidatu bereziak jasoko dituzte etxean: Egues ibarreko erraldoiak. Tartean da Jorge Oteizaren figura ere, eta hura jaio zela 115 urte betetzen diren honetan, omenaldia egingo dio.

Azaroan, antzerkiak eta ikus-entzunezkoak izango dira protagonista. Azaroaren 17ko Barrexerka emanaldia, eta ikus-entzunezko bi dokumental ere proiektatuko dira kultur etxean: Beñat Gerekaren Itsasoak pizten gaitu, hilaren 8an, eta Iker Iriarteren Auzolanaren kultura, 29an.

Horiez gain, urteroko ekintzak izango dute lekua programan; Danbolin Musika eta Dantza Eskolak Santa Zezilia eguneko kalejira eta emanaldia eta Salatxo Abesbatzaren emanaldia, kasu. Hona hemen egitaraua osorik:

 

Egitaraua

Urriak 4, asteazkena: Jabier Iraola Gabilondoren Igeldoko historia eta istorioak liburuaren aurkezpena, 19:00etan Salatxo aretoan.

Urriaren 6tik 8ra, ostiraletik igandera: Mutiozabal Festa, Mutiozabal plazan eta Herriko Plazan.

Urriak 7, larunbata: 28. Surf Txapelketa, hondartzan.

Urriak 21, larunbata: Jorge Oteiza jaio zela 115 urte betetzeko ospakizuna Pello eta Nikolasa erraldoiekin eta Egues ibarreko erraldoien taldearekin. 18:00etatik aurrera, herrian barrena.

Urriak 21, larunbata: Behoria Garbia kanoa-jaitsiera, Txokoaldetik Arraunetxera. Informazioa eta txartelak: Begi Bistan.

Urriak 28, larunbata: Gure Altxorrak herriko eta inguruko moda-talentuen erakusketaren bigarren edizioa, Herriko Plazan.

Azaroak 8, asteazkena: Beñat Gerekak zuzendutako Itsasoak pizten gaitu dokumentalaren emanaldia, 19:00etan kultur etxean.

Azaroaren 10etik 19ra: San Martin festak, Ortzaikan.

Azaroak 13, astelehena: Miriam Mendoza ipuin-kontalariaren saioa, 18:00etan kultur etxean. 3-6 urte arteko haurrentzat.

Azaroak 16, osteguna: Pello Añorga ipuin-kontalariaren saioa, 18:00etan kultur etxean. 5-8 urte arteko haurrentzat.

Azaroak 17, ostirala: Barrexerka ikuskizuna. 19.30ean kultur etxean. Sarrera: 2 euro.

Azaroak 18, larunbata: Soinuaren magia bisita didaktikoa Xabier Lizaso Loidirekin, Orioko elizako organoa ezagutzeko, 11:30ean. Doan, aurrez izena emanda turismo-bulegoan.

Azaroak 21, asteartea: Santa Zezilia eguneko kalejira eta emanaldia, Danbolin Musika eta Dantza Eskolarekin. 18:00etan, herrian barrena eta Herriko Plazan.

Azaroak 25, larunbata: Salatxo Abesbatzaren 30. urteurreneko kontzertua, 13:00etan Herriko Plazan.

Azaroak 29, asteazkena: Iker Iriartek zuzendutako Auzolanaren kultura dokumentalaren emanaldia, 19:00etan kultur etxean.

Abenduak 1, ostirala: Euskaraz Gazte literatur lehiaketaren sari-banaketa. 18:30ean kultur etxean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide